XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. TESTUA

Hiri eta herri bakoitzak bere izpiritua izaten du.

Askotan ez gara horretaz konturatzen, baina begiak ireki eta gure aldamenean gertatzen diren gauzei arretaz begiratuko bagenie, mila kolore eta usain diferente aurkituko genizkieke herriei eta hiriei ere.

Hori bai, bakoitzak kolore eta usain diferenteak aurkituko genizkieke.

Auzo jendetsu batean bizi denak kaleko animazioa nabarmenduko luke, beharbada.

Alderdi zaharrean bizi denak berriz, etxe zaharrak, zahar-berrituak, pintadak, nonahi etzaten diren eskaleak... edo horrelako zerbait nabarmenduko luke.

Herri txiki batetik datorrena jendetzak eta zaratak harrituko lukete, seguruena.

Turistek, ordea, museoak, etxe eder ikusgarriak, teatroak eta horrelakoak izango lituzkete gustuko.

Bakoitzak berea, noski.

Ikus ezazu, esate baterako, nola ikusten duten Bilbo lau lagun diferentek.

BILBO

1. Lurdesek

Euskal Herriko herririk handiena da Bilbo.

Gustua ematen du hara joateak, hango kaleetan, dendetan eta tabernetan mugimendu handia ikusten baita beti.

Ikustekoak dira igande arratsaldeetan futbol-zelaiaren inguruak.

Zenbat jende eta nolako animazioa!

Dendetan ere ez du Euskal Herri osoan parerik: denda dotoreak dituzu nonahi eta baita galeria handiak ere.

Jende asko joaten da Bilbora erosketak egitera; neroni ere maiz joaten naiz.

Etxe berriak ere nonahi ikusten dira...

2. Jonek

Ikasleontzat oso hiri bizia eta animatua da Bilbo.

Jende asko ezagutzeko aukera dugu hemen bizi garenok.

Goizetan Leioara joaten naiz eta arratsaldeetan beti izaten da zerbait: hitzaldiak, kontzertuak, erakustaldiak...

Plan jakinik ez dugunean, kaleetan gora eta behera ibiltzen gara koadrilan, zerbeza-trago batzuk eginaz, kontu kontari.

Hiri honetan aspertzen dena berak nahi duelako aspertzen da.

3. Nikolasek

Metroa amaitzen dutenean, gauzak hobetuko direla espero dut.

Bada zerbaiten beharra!

Orain, Bilbora joaten zaren bakoitzean kalbarioa pasatu behar duzu: semaforoak, auto-iladak...; goiz erdia joaten zaizu joan behar duzun lekuraino iristeko.

4. Begoñak

Gaztea nintzenean pozik bizi nintzen Bilbon.

Dena polita iruditzen zitzaidan: Bilbo zaharreko zazpi kaleak, Arriaga antzokia, Begoña aldea, Erakustazoka, futboleko katedrala, Artxanda...

Orain ere gustatzen zaizkit horiek denak eta pozik nago Guggenheim Museo handia egiten ari direlako.